XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

URKIJO kaleko etxe alokatu batean bizi ginen laurok.

Lehenbiziko pisuan; gure gainean beste bi pisu zeuden, eta gure azpian, litxarreria denda baten ondoan, udaletxeko zergak biltzen ziren bulego txiki bat.

Auzo hartako kale printzipala zen Urkijo.

Beti jendez irakitan...!.

Goizez, haren espaloiak etxekoandre presatuz eta mordoxkatan bilduta apal mintzo ziren lanik gabeko gizonez betetzen ziren.

Arratsaldez, ama gaztez eta umez - marruma izugarria.

Gauean berriz, ni beren errukigabekeriagatik beti beldurtu nauten mutil gazte kuadrilak irteten ziren.

Nik, txikitan, kukurrukaturik ohean, haien mozkor-orru eta burrukak entzuten nituen, eta kanpoko argiek gelako sabai-paretetan proiektatu itzaletan presentzia misteriotsuak ikusten nituen. Eta katuak.

Sinisgaitza da, gure auzogune hartan zenbat katu zebilen.

Ni, gau batzutan katakera ziren eme haien marroek esnatzen ninduten eta hantxe, gure etxeko kantoian, ume koxkor bati sabela irekitzen ziotela, imajinatzen nuen.

Luziak, berriz, oso ondo egiten zuen lo.